XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Annanek arnasa eman dio Serbiari

Indar militar eta paramilitarren erretirada mugatua dela adierazi du NBEko idazkari nagusiak

Polizia berezien erdiak dagoeneko Kosovotik atera direla dio Bulatovicek

Borrokak ez direla eten jakinarazi du gerrillako bozeramaileak

NATOren mezua Slobodan Milosevicen luzamenduzko estrategiaren eta Nazio Batuen Erakundearen (NBE) zalantzen artean dago.

NBEk eskatutako guztia bete duela esan zuen atzo Serbia eta Montenegroko Gobernu federalak.

Washingtonek eta Kofi Annanek, ordea, indar militar serbiarrak oraindik Kosovon daudela salatu zuten.

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak exijitutako guztia bete duela adierazi zuen atzo Momir Bulatovic Serbia eta Montenegroko lehen ministro federalak.

Hitzok atzo arratsaldean esan zituen Bulatovicek, Kofi Annan NBEko idazkari nagusiak Kosovori buruzko txostena aurkeztu baino ordu batzuk lehenago.

NATOk ondorengo egunetan izango duen jokaera Annanen balorazioak baldintzatuko zuela uste zen atzo, baina Annanek atzo plazaratutako txostenaren ondoren gauza gutxi argitu dela esan daiteke.

Kosovon gertatutako sarraski gehienak serbiarrek egin dituztela salatu zuen Annanek.

Indar serbiarren erretiradari buruz, berriz, mugatua dela esan zuen.

Ezin omen du zehaztu, ordea, erretirada hori zein puntutaraino den mugatua, datuak egiaztatzeko sekulako zailtasunak dituelako.

Annan, beraz, erdi bidean geratu da NATOk, NBEren ahulezia konpentsatzeko, pixka bat urrutirago joatea erabaki zuen, eta erretiradak erabatekoa izan behar duela azpimarratu zuen.

Ikus daitekeenez, koordinazioa ez da erabatekoa, eta horrek zera esan nahi dezake, Belgradek beste egun batzuk irabazi dituela.

Washingtonetik Moskura

Estatu Batuetako ordezkari bereziak, Richard Holbrookek, presio handiagoa sartu nahi izan zion Belgradi, eta Serbia eta Montenegroko soldaduak eta Serbiako indar polizial paramilitarrak oraindik Kosovon daudela salatu zuen atzo, Slobodan Milosevicekin bildu baino lehenago.

Bulatovicek, ordea, indar polizial berezien erdiak dagoeneko Kosovotik kanpo daudela adierazi zuen.

Jakina da Nazio Batuen Erakundeak polizia paramilitar guztiak ateratzeko exijitu diola Belgradi.

Eraso militar internazionala ekiditeko NATOk jarritako baldintza hori (indar militar eta paramilitarren erabateko erretirada alegia) zorrotz aplikatuko balitz, Annanen aukera bakarra erasoa gomendatzea izango litzateke.

Ikusi den bezala, ordea, NBEko idazkari nagusia ez da hori egitera ausartu.

Serbia, gainera, Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundearen (OSCE) ordezkaritza iragarri zuen lehen ministro fede berezia hartzeko prest dagoela iragarri zuen lehen ministro federalak, Bulatovicek ez zuen zehaztu,...

... OSCEk eta Europako Batasunak Kosovorako izendatutako ordezkaria da, baina Belgradek ateak itxi dizkio orain arte.

OSCEri zuzendutako keinu horrek aukera eman zion Moskuri beste tantu diplomatiko bat lortzeko (apuntatzen saiatzeko behintzat).

Belgradek Errusiak proposatutako bake egitasmoa onartu duela esan zuen atzo Boris Jeltsinek. Lehendakari errusiarrak, ordea, ez zuen azalpen handiegirik eman.

Kontuak kontu, oraindik dena ikusteko dagoela esan daiteke. Milosevicen maniobra luzagarriek arrakasta izan dute ia beti, eta oraingoan ere beste horrenbeste gertatuko dela dirudi.

Bitartean, Kosovon tentsioa ez da oraindik baretu. Serbia eta Montenegroko estrategia diplomatikoaren barruan, enfrentamendu armatuak bukatutzat jo zituen atzo lehen ministro federalak.

Gerrillak, ordea, borrokak ez direla eten azpimarratu zuen berehala.

Indar serbiarrek iragarritako garaipena gezurtatu egin zuen Jakup Krasnici UCK-ko bozeramaileak, eta hildako gehienak zibilak direla saltu zuen.

Kosovoko albaniarren Giza Eskubideen aldeko Batzordeak atzo jakinarazi zuenez, dagoeneko 1.558 albaniar hil dira.

Iturri horren arabera, gerrillak galdutako kideak 49 dira. Gerrillak, gainera, soldadu eta polizia serbiar asko hil dituela esan zuen Krasnicik.

Aipamen bat bukatzeko: Defentsako aurrekontua handitzeko eskatu zion atzo Momir Bulatovicek Serbia eta Montenegroko Parlamentuari.